12 Kanpoko irakasleak eta txangoak

NAIARA ECHEVERRIA CARRA

Auritz, Luzaide eta Auzperriko eskolak, nolabait, Garraldakoaren menpe zeuden, hortaz Garraldan zeuden irakasleak ikastolaz ikastola ibiltzen ziren. Kanpoko irakasleekin harreman nahiko ona zuten. Gimnasiako irakasle bat gogoan dute: egun batean, zuhaitz baten gainean txabola bat egin zuten. Kanpoko irakasleei ez zieten hainbesteko maitasunik hartzen, ez zituztelako hainbeste ikusten, baina harremana ona zen. Kanpaldietara joaten zirenean ez ziren beren irakaslearekin joaten, Arantxa ikastolan geratu behar zelako beste umeekin. Gogoan du astebetez Arantzara joan behar izan zutenekoa: negar asko egin zuen, Arantxa gabe joan behar zutelako, baina azkenean Arantxa beraiekin joatea lortu zuten. Txangoak egiteko, Luzaidekoekin, Auzperrikoekin eta Garraldakoekin elkartzen ziren, eta hango irakasleekin joaten ziren. Besteekin elkartzea ideia ona iruditzen zaio, gero Garraldara joan behar zutenerako elkar ezagutzen zutelako. Txangoei dagokienez, Arantzara bi urtez joan ziren; Isaban ere izan ziren aste zurian, eta Hondarribira ere joan ziren. Handiagoak zirenean beste irakasleekin joaten ziren arren, txikiak zirenean Arantxarekin joaten ziren.