25 Eskolaren azken egunak

AMAIA NUÑO MILAGRO

11 urtez egon da Auritzeko eskolan: bederatzi urtez irakasle eta zuzendari gisa, eta azken bi urteetan koordinatzaile gisa. Azken urteak bereziak izan ziren, gero eta ikasle gutxiago baitzeuden. Ezinegon handia zuen, Hezkuntza Departamentutik ez baitzuten erantzunik jasotzen. Maila pertsonalean, tristura sortzen zion egoerak. Eskola itxi behar bazen, itxiera duina eman nahi zion. Azken bi urteetan sei ikasle izan ziren lehenengo, eta lau gero. Lau ikasleetatik bi anaiak ziren; etxean bezala zeuden, eta haien arteko harremana oso estua eta berezia izan zen. Txupinazo egunean, lau haur horiek txupinazoa botatzeko gonbita jaso zuten, eta bota egin zuten. Eskolaren egoerarekin lotutako beste ekitaldi batzuk ere egin zituzten haiekin. Azkenean, Hezkuntza Departamentuak ez zuen itxiera ofizialik agindu; eskolan zegoen material guztia inguruko eskolen artean banatu zuten. Eskola udalarena da, eta udalak jakingo du harekin zer egin; haiek, ordea, material guztia banatu beharra ikusi zuten.