01 Aurkezpena eta Auritzeko eskola

AMAIA NUÑO MILAGRO

Amaia Nuño Milagro Iruñean jaio zen, 1986ko ekainaren 2an. Familian maisu eta maistra asko ditu, eta, ikasketak aukeratzeko garaian, argi zuen irakasle-ikasketak egin nahi zituela. Atzerriko hizkuntzan espezializatu zen, ingelesean. Donostiako EHUn egin zituen ikasketak euskaraz egin nahi zituelako. Hiru urteko karrera amaitu ondoren, urtebetez Irlandara joan zen ingelesa indartzera. Itzuli zenean, urtebetez Zubiriko eskolan lan egin zuen; gero, oposizioetara aurkeztu eta plaza lortu zuen. Ondoren, lau-bost urtez Iruñeko euskal eskoletan aritu zen lanean, eskola handietan ingelesa ematen. Noizean behin, lekuz aldatzeko aukera izaten zuten. Herri batean bizi nahi zuenez, Auritz inguruko eskolak aukeratu zituen. Auritzeko eskolan aritzea egokitu zitzaion, irakasle eta zuzendari gisa.